Palestina, Peru edota Sri Lankako nekazariak Durangon batu dira, Via Campesinako konferentzia antolatzeko

Markel Onaindia 2016-11-22 [Anboto.org / HERRIRIK HERRI / DURANGO]

Via Campesinak Euskal Herrian (Derion) burutuko du mundu mailako bere zazpigarren konferentzia, uztailean, elikadura burujabetza jorratu eta hedatzeko. Horra begira komunikazio arloan lanean dabiltzan kideak Durangon batu dira azken hiru egunetan, konferentziako mezua prestatzeko eta prentsari ekitaldiaren berri emateko.

Ibaizabal ikastolan egin dituzte batzarrak, eta horietako batera gonbidatu dute ANBOTO. Palestina, Peru, Ekuador, Sri Lanka, Taiwan, Argentina... herrialde askotako kideek parte hartu dute taldean. Viviana Rojas ekuadortarrak azaldu du borroka orokorrak eta herrialdeetakoak ezagutzeko aukera egongo dela konferentzian, eta gazteek eta emakumeek euren asanblada propioak edukiko dituztela. Genero ikuspuntua bezala, elkartasuna edota internazionalismoa lako balioak komunikazio estrategian ere txertatzen dituzte Rojasen arabera.

Nekazari, Palestinako lur okupatuetan

Mundu osoko 200 milioitik gora familia ordezkatzen ditu Via Campesinak. Elikadura burujabetza dute helburu, baina herrialdez herrialde egoera oso desberdinak bizi dituzte, eta zer esanik ez Palestinan. Hiba Al-Jibeihi palestinarrak kontatu du hango gizartearen ia %90 nekazaritzatik bizi dela, baina Israelen okupazioak guztiz eraginda. "Ez dugu baliabide eta lurretara sarbiderik. Lurren %85 Israelek kontrolatzen du, ura barne. Horrek erakusten du egoera ikaragarria dela". Bere esanetan, %60ra igo da Palestinako pobrezia maila. Hala ere, erresistentziarako borondaterik ez dute galtzen. "Bizitzan beti dago bizitzea merezi duen zerbait", esan du Al-Jibeihik.

400 ordezkari

EHNE sindikatua Via Campesinako kide da, eta Unzalu Salterain abadiñarra izan da sindikatutik batzarrean egon denetako bat. Bere esanetan, uztailean mundu mailako sareko 400 ordezkari batzea espero dute, eta antolakuntzan beste 200 bat ere bai. Hamar egun iraungo ditu jardunaldiak, eta barne mailako eztabaidez aparte, kalean ekintza zabalak ere garatuko dituzte. Gainera, kanpoko ordezkariei Euskal Herritik zehar bisitak egiteko aukera eskainiko diete; Euskal Herria "auzolanak sustrai asko dituen lurraldea" dela gogoratu du EHNEko kideak. Konferentzian, erresistentziarako eta eraikuntzarako deia egingo dutela dio Salterainek, eta mezua gizarteari zabalduta: "Elikadura burujabetza ez da soilik baserritarren gaia, gizartearena baizik".

Konferentzia iragartzeko abesti bat egin dute ETS musika taldeagaz, eta Joseba Sarrionandiaren letra dauka.


Jatorrizko artikulua: IKUSI HEMEN