Errigorak beste kanpaina bat hasi du, eta aurten kontsumo arduratsuan jarri dute arreta. Martxoaren 26ra arte egin daiteke eskaera, eta apirilean hasiko dira saskiak banatzen.

[
berria]
Beste modura, denona da onura lelo hartuta abiatu du aurtengo kanpaina Errigorak. Kontsumo arduratsuan jarri dute arreta aurten; izan ere, Peru Aranburu (Lekeitio, Bizkaia, 1978) Errigorako kidearen ustez, «espekulazioaren ondorioz» elikagaien munduan aldaketa asko gertatzen ari dira azkenaldian. Martxoaren 26ra arte egin daiteke eskaera, eta Aranburuk nabarmendu du eskaera asko izateak ematen diola benetako indarra eta oinarria ekimenari.
Aurtengo kanpainan kontsumo arduratsuan jarri duzue arreta. Zergatik?
Hamar urte baino gehiago daramatzagu kanpainak egiten, eta kontsumo arduratsuaren ideia behin baino gehiagotan atera izan dugu. Baina azken hilabeteetan, eta ia-ia azken bi urteetan, oso agerikoa da elikagaien munduan zer-nolako aldaketak eta gorabeherak izaten ari diren; zer-nolako eramanezinak dauden, espekulazioaren edo joera globalen ondorioz. Hori gertatu baino lehen ere, guk argi geneukan kanpaina honek eta antzeko ekimenek beste modu batera kontsumitzeko bidea zabaltzen dutela. Gure kanpainarekin hori adierazi nahi genuen: beste modu batera kontsumituz gero, onurak denontzat direla.
Elikadurari dagokionez, zertan datza kontsumo arduratsua?
Gu ez gara adituak gai horretan; badugu gure iritzia edo tokia, baina oso modu orokorrean. Baina gauza bat argi dugu: gure mundura eta neurrietara etorrita, beste modu batera kontsumitzea dela arduratsu kontsumitzea. Alde batetik, taldean kontsumitzea da, modu komunitario batean kontsumitzea; eta, beste alde batetik, kontsumitzeko modu horretan salerosketa bat dagoela onartuta ere, lan boluntario bat dago, lan kolektibo bat. Gero, horretaz aparte, onura sozial bat ere badakar; bai euskarari dagokionez, egitasmo honetan, eta baita ekoizpenari edo lehen sektoreari eman ahal zaion bultzadari dagokionez ere.
Adierazi duzue kontsumo arduratsu horrek onurak baino ez dakartzala. Zeintzuk dira onura horiek?
Kontsumitzaileei dagokienez, merkatu logika nagusietatik eta horren ondorioetatik kanpo kontsumitzeko aukera ematen du. Eta, ekoizleen partetik, beraien ekoizpena modu duin eta justu batean merkaturatzeko aukera ematen du. Gainera, ekoizpena ziurtatzeko eta bertaratzeko bultzada bat ekartzen du, eta euskara indartzeko modu bat ere bada. Herri ikuspegi batetik, Euskal Herria marrazteko eta egituratzeko bide bat gehiago da.
Zer-nolako aldaketak eragin ditu Errigorak Nafarroako nekazaritzan?
Orain dela urtebete ikerketa bat egin genuen aztertzeko gure kanpainek zer-nolako inpaktua zuten zenbait nekazarirengan. Nahiko emaitza adierazgarriak atera ziren; proportzio esanguratsu bat da kanpaina hau, batez ere ekoizpen ekologikoan ari diren ekoizleentzat. Egitasmo berriak sortzeko ere baliagarria izaten da. Bere txikitasunaz jakitun izanik, kanpainek eragin kuantitatibo eta kualitatibo positiboa daukate Nafarroako ekoizpenean.
Elikaduraren gaineko burujabetza oso alor garrantzitsua da Errigoran, ezta?
Hori da. Hiru ardatz dauzkagu. Gure helburuetako bat zera da, elikadura burujabetzari dagokionez, bultzada bat ematea Nafarroako produktuak Euskal Herrian merkaturatzeari, horrek dauzkan ondorio guztiak kontuan izanda. Helburu horren parean kokatzen dugu eremu horretan euskarari bultzada bat ematea, eta hori guztia auzolanean egitea. Hiru helburu horien gainean sortu genuen Errigora, eta horri eusten diogu.
Euskarari dagokionez, adibidez, etiketak euskaraz daudela azpimarratzen duzue beti.
Bai. Hasieratik argi geneukan kanpainetan parte hartuko zuten produktoreei hori eskatu behar geniela: alde batetik, produktua bertakoa izatea, eta, beste alde batetik, etiketetan euskarak tokia izatea. Ia 63 ekoizle dira konpromiso horrekin bat egin zutenak, eta kanpainetan hori betetzen dutenak. Horretaz aparte, orain dela hiruzpalau urtetik hona, Errigora balioak ziurtagiria sortu genuen. Horrek ziurtatzen du ekoizleek ardura handiagoa hartzen dutela euskararekiko, eta bakoitzak bere ekoiztetxean euskara plan bat martxan ipini duela. Etiketez gain, webgunea, bertako paisaia eta kartelak, eta arreta euskaraz ematen dute.
Nola eskura daitezke Errigoraren produktuak?
Kanpaina honetan mapa zabal bat osatu dugu, eta eskaera guneak deitzen diegun hainbat gune ditu. Herri bakoitzean bi edo hiru toki daude eskariak jasotzeko. Ikastolek, eskolek eta AEKren euskaltegiek beti hartzen dute parte, baina, horrez gain, beste elkarte, erakunde eta lantegi batzuk ere badaude. Bakoitzak bere produktuak non jaso nahi dituen aukeratzen du, eta gero produktuak aukeratzen ditu. Webgunea izaten da eskaria egiteko biderik errazena, baina eskaria aurrez aurre egiteko aukera ere egoten da herri mugimenduari, euskarari edo elikadura burujabetzari lotutako txokoetan.
Berrikuntzak ere aurkeztu dituzue.
Bai. Egia da azken urteetan katalogoa nahiko egonkortuta dagoela. Hala ere, urtero berrikuntzaren bat egoten da, dela ekoizleek beraiek produktu berriak sartzen dituztelako, dela guk bultzada bat eman nahi diegulako. Aurten, lehen aldiz, ardo zuria eta gorria sartu ditugu. Arrozetan barietate gehiago sartu ditugu, babarrunak ere berriak dira, eta almendra txigortuak jarri ditugu.