[Argia, 2023-08-23]
EAEn 2.600 elikagai desberdin daude eredu ekologikoan ziurtatuta. Bertako elikagai ekologikoen "aniztasun hau plazaratzeko" Udako Azoka Ekologikoak antolatu dituzte EAEko 14 herrietan elkarlanean, herrietako kontsumo taldeek eta hiru lurraldeetako ekoizpen ekologikoaren elkarteek: Arabako Bionekazaritzak, Bizkaiko Ekolurrek eta Gipuzkoako Biolurrek.
"Udako azoka ekologikoak ingurugiroarekin errespetuan ekoizten duten profesionalen eta konpromezu bera erakusten duten eta kalitate ezinhobeagoko elikagaiak eskuratu nahi dituzten kontsumitzaileen topagunea dira", antolatzaileek adierazi dutenez, eta zera gehitu dute: "Zuzeneko salmenta bultzatzea funtsezkoa da tokiko ekoizle txikien biziraupena bermatzeko eta nekazaritza-aniztasuna sustatzeko". 2016tik gaur arte hirukoiztu egin da EAEn ekologikoan ziurtatutako lurren azalera, baina oraindik nekazaritza lurren %5 soilik da.
Abuztuaren 25 goizean Zumaian egingo da hurrengo azoka ekologikoa, Eusebio Gurrutxaga plazan. Azoka 10:00etan jarriko da martxan, eta 12:00etatik 14:00etara "EKOerrezetak" ezagutzeko aukera egongo da. Bezperan, 5 euroko bonoak eskuragarri egongo dira Turismo Bulegoan.
Uda honetako lehen azoka ekologikoa Zigoitian egin zen uztaila hondarrean, eta Zarautzen iragan berri da, abuztuaren 18an. Baina herritarrek badute aukera azoka hauetan goi mailako elikagaiak eskuratzeko, urria bitarte: Donostian (irailaren 2an), Errenterian (irailaren 9an), Algortan (irailaren 9an), Zerainen (irailaren 17an), Mungian (irailaren 30ean), Aretxabaletan (irailaren 30ean), Gasteizen (urriaren 7an), Eibarren (urriaren 8an), Durangon (urriaren 8an), Leintz-Gatzagan (urriaren 22an) eta Villabonan (urriaren 28an).
Urtez urte antolatzen diren azoka hauen ekimena beste herri batzuetara zabaltzea da antolatzaileen helburua, "pixkanaka udalerri guztietako plazak elikagai ekologikoen eskaintzaz betetzea". Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura ekologikoaren Kontseiluaren hitzetan: “Garrantzitsua da tokiko elikagai ekologikoekin egunerokotasunean elikatu gaitezkeela erakustea”.
"Kontsumitzaile bezala sistema bidezkoagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa bultzatzeko giltza dugu"
Elkarteek egun duten erronka nagusietariko bat herritarrak azokara erakartzea eta erosketa azokan egitea da. Herritarrei mezu hau helarazi diete: "Erosketa-aukera bakoitza aldaketa positiboa sustatzeko aukera bat da. Iraunkortasuna, justizia soziala eta ekitatea sustatzen dituzten produktuak hautatzekoa. Kontsumitzaile bezala ekoizpen- eta kontsumo-sistema bidezkoagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa bultzatzeko giltza dugu”. Eta hau gehitu dute: "Zuzeneko salmenta bultzatzea funtsezkoa da tokiko ekoizle txikien biziraupena bermatzeko eta nekazaritza-aniztasuna sustatzeko. Azoka txikiek zuzeneko erosketa egiteko aukera ematen digute, tokiko ekoizleekin harreman hurbila eginez. Zuzeneko konexio honek aukera ematen digu produktuen jatorria, elaborazio prozesua eta gure osasunari dakarzkion onurak bertatik bertara ezagutzeko".
Ekoizpen ekologikora bideratutako lurrek gorantz jarraitzen dute EAEn
2022an Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ekoizpen ekologikoari zuzendutako 1.199 hektarea berri ziurtatu zituen. Guztira 9.104 hektarea lur lantzen dira ekologikoan EAEn. Gipuzkoan izan da lurren azaleraren igoera nabarmenena, % 35eko igoerarekin, abeltzain handien izen emateagatik. Ondoren Araban, %12ko hazkundearekin, eta Bizkaian % 5eko igoera izan da. 2016tik gaur arte, ekologikoan ziurtatutako nekazaritza lurren azalera ia hirukoiztu egin da.
Une honetan Euskadiko nekazaritza lurren %5a dago ekologikoan ziurtatuta, oraindik urrun "Baserritik mahaira" Europako Itun Berdearen helburua betetzeko: 2030ean lurren %25a ekologikoa izatea. Ekoizpenen arabera aztertuta, ortugintza (%19,20) eta frutagintza (%21,05) Europak eskatutako %25etik oso hurbil daude.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak une honetan 746 profesionalen elikagaiak ziurtatzen ditu. Euskadin elikagai ekologikoen eskaintza zabala da, guztira 2.600 elikagai desberdin daude eredu ekologikoan ziurtatuta.