Denon Bizitzak Erdigunean plataformak egindako agerraldian, zaintza langileen baldintzak hobetzeko, pribatizazioa amaitzeko eta lanaldia murrizteko exijitu dute EHNE Bizkaia, LAB, Steilas, ESK, Hiru sindikatuek eta Etxalde mugimenduak.
[berria]«Historikoa». Halaxe izan zen iazko azaroaren 30a. Egun hartan, Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorrera deitu zuen, eta kaleak hartu zituen zaintza eskubide kolektiboaren alde. Eguna mugarria izan zen arren, egun hartan ez zen ezer amaitu. Horren erakusle izan zen atzo, grebaren urteurrenari begira, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak egin zuen agerraldia. Bertan izan dira LAB, Steilas, ESK, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru, eta argi utzi dute borrokan jarraitzeko asmoa dutela: «Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokan ekarpen sindikala egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu». Horretarako, instituzioak eta patronalak interpelatuko dituzte.
Instituzioen «arduragabekeria» salatu dute sindikatuek, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzea erabaki dutelako. Horren aurrean, sindikatuek konpromisoa hartu dute negoziazio kolektibora premiazko neurri batzuk eramateko. Izan ere, adierazi dute bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario batera bidean enpleguaren eremuan urratsak egiteko agenda markatu beharra dagoela.
Premiazko neurrian artean, zerbitzu publiko gehiago ez pribatizatzeko exijitu dute, eta gaur egun pribatizatuta daudenak publiko egiteko. «Eta irabazi asmoa guztiz ezabatzea», erantsi dute. Zerbitzuetan baliabideak jartzea eta lurralde historikoen arteko oreka bermatzea ere nahitaezkotzat jo dute.
Lanaldia murriztea ere ezinbestekotzat jo dute agerraldian parte hartu duten sindikatuek. 30 orduko lanaldia lortu arte, jaitsiera «progresiboa» eta «adierazgarria» izan dadin nahi dute, soldata jaitsierarik gabe. Horri esker, bizitza «bizigarriagoa» izango litzateke. Murrizketaren helburua gizonek ardurak hartzea ere bada, «erantzunkidetasunez zaintza lanak banatzeko».
Bilbon egingo diren jarduerak.
Zaintza langileei dagokienez, lan baldintzak hobetzeko eskatu dute: alde batetik, hitzarmenak hobetzea eta ez dauden eremu horietan berriak sortzea, lurraldeen arteko desorekak saihestuz; bestetik, ratioak jaistea. «Erabiltzaile zein langileen baldintzak hobetzeko», dekretuak berritu eta hobetu behar dira, eta baliabide gehiago jarri.
«Gizonek ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten», baimenak hobetzea da premiazko beste neurri bat, eta «egungo egoera zapaltzailea betikotuko ez duen» kontziliazio bat ezartzea. Horretarako, besteak beste, sektore feminizatuetako lanaldi murrizketetan ordezkapenak bermatu behar dira, eta kotizazioan ezin da penalizaziorik egon. Zaintzeko baimenak familia nuklearretik kanpo eskuratu ahal izatea ere proposatu dute.
Zerbitzu publikoak indartzea
Modu integral eta duin batean zaintzeko eta zainduak izateko, LAB, Steilas, ESK, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru erakundeek argi utzi dute oinarria zein den: «Zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa da». Inbertsio handiagoak exijitu dituzte gizarte zerbitzu, etxebizitza eta osasun sistema publiko, unibertsal eta eraginkorra lortzeko. Are gehiago: «Zaintza lanen egoera irauli nahi badugu, zalantzarik gabe, kontzientziazioa eta heziketa dira tresnarik eraginkorrenak». Hori dela eta, hezkuntza sistema hizpide, hainbat aldarrikapen egin dituzte: berdintasun planak adostea, eguneratzea eta garatzea; curriculumean zaintza txertatzea; eta beharrezko baliabideak ezartzea, ikastetxe guztietan hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak egon daitezen.
Neurrien berri emateaz gain, gaurko agerraldian herritarrei dei egin diete mugimendu feministak etziko antolatu dituen mobilizazioetan parte har dezaten. Bilbon Zaintzaren Herria egingo dute, eta Gasteizen, kalejira bat. Iruñean, berriz, topaketa batzuk antolatuko dituzte, eta Donostian, elkarretaratze bat. Beste eskualde batzuetan ere mobilizazioak egingo dituzte.