Zaintzaren Herria: urriaren 5ean zainketek Bilboko erdigunea hartuko dute

Mugimendu Feminista hainbat jarduera prestatzen ari da saltzen zaigun "negozioen hiria"ren aurrean zainduko duen hiri bat eraikitzeko.

Zaintzaren herria - Urriak 5

[Ecuador Etxea] [Denon Bizitzak Erdigunean Bilboren informazioa]

«Mugimendu feministak hamarkadak daramatza zaintzari buruz hitz egiten. Zaintza lanak politizatzen; bizitza zein jarduera ekonomikoa iraunarazteko beharrezkoak direla aldarrikatzen; argitara ateratzen eta banatzen saiatzen; familiarizatuta, feminizatuta, arrazializatuta eta prekarizatuta daudela salatzen. Mugimendu feministak hamarkadak daramatza bestelako mundu bat amesten, zaintzaren kulturan pentsatzen. Eta bide horretan, azaroaren 30ean pauso handia eman genuen: lehen aldiz, greba feminista orokor bat egin genuen, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde, eta argi aldarrikatu genuen zaintza sistema publiko-komunitarioa eraikitzeko beharra.

«Urte erdi pasatu denean, grebaren egunean egin genuen interpelazioari ez diote erantzun Hego Euskal Herriko gobernuek. Zaintzari buruz hitz egin dute, kanpainan zein egunerokoan, baina kontzeptu eta aldarrikapen feministak edukiz hustu dituzte, eta beren asmoekin segitu dute, zaintza lanak negozio bihurtzen eta zaintza zerbitzuak pribatizatzen, ondo zaindua izateko eskubidea pribilejio bihurtzeraino.

«Guk, bitartean, antolatuta jarraitu dugu, biltzen eta eztabaidatzen. Grebarako bidean landu genuen herri akordioa tokian tokiko errealitateetara eramaten. Eta Bilbon, feministok eta greban parte hartu genuen eragile sozial eta sindikalok prest gaude beste pauso bat emateko: Zaintzaren Herria imaginatzera eta eraikitzera goaz.

"Eredu kapitalista neoliberal eta patriarkala"

«Inoiz baino argiago baitago haien eredua, instituzioena eta zaintzaren patronalena, Negozioen Hiria dela. Hiri pribatizatua, espekulazioari, turismoari eta gutxi batzuen irabazi ekonomikoei emana; herritarren premien gainetik zementua, azpiegitura handiak eta makroekitaldiak lehenesten duena; pertsona zaurgarrienak zaintzeko zerbitzuak garestitzen dituena, horiek hurbildu eta erraztu ordez. Gure bizitzetarako eraiki duten eredu kapitalista neoliberal eta patriarkal horren aurrean, Negozioen Hiri horren aurrean, guk Zaintzaren Herria eraikiko dugu.

«Datorren urriaren 5ean hitzordu garrantzitsua izango dugu Bilbon: orduan egingo dugu Zaintzaren Herria. Egun osoko egitaraua prestatzen ari gara, zaintzaren inguruan eztabaidatzeko, sistema publiko-komunitarioa definitzeko, zaintzaren kulturara hurbiltzeko, gure mugimendua indartzen jarraitzeko eta ondo pasatzeko. Prozesuan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu herritar guztiak, baita urriaren 5ean etortzera ere. Bilboko erdigunea hartuko dugu; kalera aterako gara berriro, elkarrekin, ospatu egingo dugu orain arte egindakoa, eta hemendik aurrerakoa eraikitzen hasiko gara: zainduko duen Bilbo».