Europako diru laguntzen banatze kriterioak salatu ditu ELBk

[Kazeta.info]

Asteartean, Laborantza ministroa den Stéphane Le Follek jakinarazi zuen Laborantza Politika Bateratuari (PAC frantsesez) dagokionez zein erabaki hartu zituen Estatu frantsesarendako. Behi haragi ekoizleek diru laguntzak eskuratzeko baldintza berria ezarri ditu S. Le Follek, eta euren artean aipagarriena gutxienez 10 behi ukatea izango da, eta produktibitate hein azkarrago bat errespetatzea. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) adierazi du ministroak “printzipio izigarria larria bidean” eman duela, kriterio horiek finkatuz etxalde txikiak laguntza publikoetatik baztertuak geldituko baitira. “Kriterio hauek goratuz joanen dira erreforma bakotx eta etxalde ttipien desagertzea ekarriko dute” salatu du ELBk. Ministroak hartutako erabakiek Ipar “Euskal Herriko hiru etxaldetarik bat zailtasun haundian ezarriko du”.

“Hamar behi baino gutiago duenak ez du laguntzarik ukanen bainan 100 dituenak, laguntza ukanen du behi guziendako !” azaldu du Euskal Herriko Laborarien Batasunak, berriro esplikatuz 10 behi baino gutxiago dituzten laborariek beste produkzio batzuk dituztela euren etxaldeetan (ardiak, zerealak, beste hazkuntzak…). Horrela arituz, “laborantza ainitza, polikultura eta hezkuntza lotzen duen eredua zigortua” dela nabarmenduz.

Produktibitate heina 0,8 ahatxeko finkatuz behika, “zigor doblea” ezartzen zaio laborariari. Osasun arazoak, ahatxe galtzeak eta beste ustegabeek sortzen dituzten ondorio ekonomikoetaz gain, bestalde laborariek “laguntzaren galtzea edo ttipitzea jasan beharko” dute.

Mobilizazioen eragina
Halaber, ELBk eraman dituen mobilizazioei esker, “produktibitate hein apalagoa kausitu da borturat doazen tropendako” (0,6 ahatxe/behi/15 hilabete). “Borroka sindikalari esker ere, FNSEA/FNBren galde estremisteri buru egin” diola azpimarratu du ELBk, diru laguntzak 30 behi zituzten laborarientzat bakarrik banatu nahi zituztela.

“Gobernuak egiten dituen hautuak ez dira laborarien nonbrearen atxikitzearen aldekoak. Kantitate haundien ekoizteko nahikeriaren ondorioz, etxalde ttipi eta ertainek, dibersifikatuek, kaltetzen ditu ministroak” adierazi du ELBk.

Jatorrizko iturria: ikusi