Euskadiko Nekazari-Elikagaien kooperatiben Federazioak uko egin behar dio Israelera antolatu duten bidaiari

«EHNE Bizkaien izenean eta euskalherriko baserritarren izenean adierazi nahi dugu gure haserrea. Bisita honek ez dira inozenteak (…) Kibutz da gaurko Israelengo politikaren zentro ideologiko eta politikoa (…) Bidaia zegoen planeatuta abuztua hamaieratik irailera (…) Eskatzen dugu federatzioei bidai hau kanzelatzea, ez joatea» Paul Nicholson (Ikusi Prentsa Aurreko bideoa hemen)

Euskadiko Nekazari Elikagaien Kooperatiben Federazioak, bere 25. urteurrena ospatzen duela eta, bidaia bat antolatu du Israelera, aurtengo abuztuaren 27tik irailaren 4ra bitartean, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadi-Israel Kultura Elkartearekin lankidetzan.

Palestinar herriarekin elkartasunaren alde lan egiten dugun erakunde eta gizarte mugimenduok kezka handiz ikusi dugu ekimen hori. Izan ere, palestinarrentzako bidezko irtenbidea sustatu beharrean, normalizazio-itxurako keinua da, Israelek Palestinan ezarritako apartheid-estatuaren konplizea. Estatu horren ezaugarriak honako hauek dira:

“Estatu nazional judutarra” da, eta judutar ez direnak baztertu egiten ditu Israelgo nazionalitatetik, herritartasunetik baztertzen ez baditu ere.

Ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arloetan diskriminazio-erregimena instituzionalizatua du, lege, neurri eta agindu militarren bidez eta erakunde paraestatalen bidez (Funts Nazional Judutarra). Horiek guztiek herritar judutarrak lehenesten dituzte judutar ez direnen aldean (Israelgo biztanle guztien % 17,5 ez da judutarra). Hona hemen adibide batzuk: alde batetik, Itzulera Legea (1950), mundu zabaleko judutarrei Israelera emigratzeko (”itzultzeko”) eta Israelgo herritartasuna eskuratzeko eskubidea aitortzen diena; beste aldetik, agindu militarrak (561., 783., 892. eta 981. zk.), sistema judizial desberdina finkatzen dutenak Palestinako Lurralde Okupatuetako kolonoentzat.

Palestinako 5 milioi errefuxiatuk baino gehiagok bizirauten dute Zisjordaniako, Libanoko, Siriako eta Jordaniako kanpamentuetan. Israelek bereganatutako lurretara itzultzeko eta ondasunak berreskuratzeko eskubidea aldarrikatzen dute horiek.

Zisjordanian eta Gazako Zerrendan 1967an egindako okupazio militarrak hondamendia eragin zuen politikaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren ikuspuntutik Palestinako gizartearentzat: Gazako Zerrenda eta Zisjordania erabat bereizi ziren; 700 kilometrotik gorako horma eraiki zuten (“Apartheidaren Horma”), palestinarrak banatzeko, nekazaritzako lurretara iristea eragozteko, natur baliabideak (ura) espoliatzeko; palestinarren lurraldea bereganatzeko beste estrategia bat erabiliz, judutar kolonoak Palestinako Lurralde Okupatuetara hedatu ziren, eta gaur egun 500.000 kolono baino gehiago bizi dira lurralde horietan eraikitako 400 kokalekuetan; kolono judutarrek soilik erabil ditzaketen errepideak eraiki dituzte;

Ekialdeko Jerusalem 1967. urtetik okupatuta dagoenez, auzo palestinarrak judutzeko politika ezarri dute bertan, Shufat edo Sheikh Jarrah auzoetan, kasu, etxe palestinarrak eraitsiz, kolonoak etxe palestinarretara eramanaz, biztanleriari eraso eginez, oinarrizko zerbitzu publikorik ez eskainita edo Jerusalemen bizitzeko baimena ukatuta.

Eta Gazako Zerrendan ezarritako blokeoa. 2006. urtetik Israelek debekatuta du bertara premiazko materialak eta elikagaiak sartzea, biztanleria palestinarraren aurkako bonbardaketak etengabeak dira eta kalte material ugari eragin dituzte oinarrizko azpiegituretan (ospitaleak eta argindar-zentralak), jendea hiltzeaz gain (1.400 lagun 2008-2009ko “Berun urtua operazioan”.

Gainera, Federazioak antolatutako bidaian “48ko lurraldeetan” eraikitako hainbat Kibutz (nekazaritza-kooperatiba israeldarrak) bisitatuko dituzte, gaur egun Israelgo lurrak direnetan; horietako batzuk Negeveko basamortuan daude, beduino palestinar ugari bizi diren tokian. Israelgo parlamentuak iazko ekainean onartu zuen Prawer planaren ondorioz, Administrazio israeldarrak onartzen ez dituen beduinoen 35 herrixka suntsituko dituzte, Israelgo 30.000-45.000 beduino arabiar lekualdatzera behartuko dituzte eta historikoki haienak diren lurrak indarrez ebatsiko dizkiete, 850.000 hektarea inguru. Baram kibutzera ere joango dira bisitariak, Galilean, inperio otomandarreko Kafr Bir’im herrixka arabiar palestinarraren gainean eraikita dagoena; herrixka hori 1948. urtean eraitsi zuten eta bertako biztanleak euren etxeetatik eta lurretatik bota zituzten.

Egoera horren aurrean, Federazioari eskatzen diogu 25. urteurrenean ez ditzala alde batera utzi sorreratik gida-lerro izan dituen printzipio etikoak, hala nola, lankidetzaren eta gizarte-erantzukizunaren kultura sustatzea eta baita pertsonak eta pertsonekiko errespetua ere, Israelgo estatuak biztanleria palestinarraren kasuan betetzen ez dituenak.

Hori guztia kontuan hartuta, azpian sinatzen dugunok, Palestinako 194 gizarte-erakundek baino gehiagok bultzatutako Israelgo estatuaren aurkako Nazioarteko Boikot, Desinbertsio eta Zehapen Kanpainarekin bat eginez, Euskadiko Nekazari Elikagaien Kooperatiben Federazioari eskatzen diogu bertan behera utz dezala Israelgo estaturako bidaia, Estatu horrek Palestinaren okupazioari eusten dion bitartean, errefuxiatuei itzultzeko eskubidea aitortu arte (Nazio Batuen 194 ebazpenean onartuta dagoena) eta biztanleria palestinar-israeldarraren arteko eskubide-berdintasuna bermatu arte.

Sinadurak:

Komite Internazionalistak, Askapena, Asociación Paz con Dignidad, Asociación Palestina Biladi, Coordinadora de ONGD de Euskadi, Baskale, Mundubat*, Fundación Paz y Solidaridad (CC.OO.), STEE-EILAS, ESK, ELA, LAB, CGT, EHNE*, Comités de Solidaridad Palestina – Euskal Herria, SODePAZ, Sare Antifaxista, Bizilur, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Asamblea de Mujeres de Bizkaia, Aralar, Ikasle Abertzaleak, Ernai, Euskadi-Cuba, …

(Jartzen dugu asteriskorekin Elikaherria taldekideari)

Prentsa aurreko argazkiak (Elikaherria.eus/CC-by-sa):