Gipuzkoako Aldundiak elikadura burujabetza sustatzeko hitzarmenak sinatu ditu Vía Campesina eta Etxalde nekazari mugimenduekin
Elikadura burujabetzaren alde egiteko bi hitzarmen sinatu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, bata Vía Campesinarekin eta, bestea, Etxalderekin. Hala, 150.000 eta 50.000 euro bideratuko ditu, hurrenez hurren, nekazarien mugimendu hauek babestu eta sustatzeko. “Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur sinatuko diren zuzeneko lankidetzako bi hitzarmen hauen bitartez, bat egiten du Euskal Herriko nahiz nazioarteko nekazari mugimenduarekin, eta, horrela, aurrera egingo dugu gizarte emantzipatu bat eraikitzeko ahaleginean, modu osagarri eta koherentean, hegoaldean, nahiz iparraldean; maila lokalean, nahiz orokorrean”, azpimarratu du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek.
Diputatuarekin batera prentsaurrekoan izan dira Nazioarteko Lankidetzarako foru zuzendari Arantzazu Santos, Vía Campesinako europar koordinatzaile den Paul Nicolson; Etxalderen izenean, Esti Besa eta Jon Geresta Gipuzkoako produktorea.
Via Campesinan elkartutako nekazari mugimenduaren kasua eredugarria da, izan ere, gaur egun, nazioarte mailan munduan dagoen giza mugimendu garrantzitsuena da. Berari esker eraiki da mugimendu egitaratu, adierazgarri, legitimo, eta demokratiko bat, izaera eraldatzailea duena, eta bost kontinenteetako nekazarien giza borrokak elkartzen dituena.
Bestalde, hasiera-hasieratik, euskal nekazari mugimenduak oso modu aktiboan hartu du parte Via Campesinaren eratze eta finkatze prozesuan, eta posible egin du elikadura-burujabetza Euskal Herrian ere martxan jartzea.Une hauetan, aurre egin behar diote Etxalde mugimendua karakterizatzeko eta abian jartzeko erronkari; mugimendu horren ardatz nagusian pertsona ekoizleak daude, eta parte hartzen dute, aldi berean, kontsumitzaileek eta gizarte zibilak, denok ere helburu berarekin: elikadura-burujabetza babesteko eta garatzeko estrategia bateratu bat antolatzea.
Hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxalderi emango dion laguntzari esker, prestakuntza politikoalanduko da tokiko agenteekin, nekazariak trebatuko diraagroekologian, Etxalderen komunikaziozko gaitasuna indartuko da eta aliantzak indartuko dira Etxalderen lana bultzatzeko. Hitzarmen hau Diputazioa “lankidetza publiko eta soziala babesten duen politikaren alde, izaera egonkorra eta etengabea eta nortasun eraldatzailea dituenaren alde” egiten ari den bidean kokatzen dela adierazi du Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak.
Gainera, 2017. urtean Euskal Herrian egingo da Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentzia eta, ordurako, garrantzitsua izango da elikadura-burujabetzaren aldeko mugimendua erreferente izatea euskal gizarte guztiarentzat.