Igitie: Arratiako Baserritar Agroekologikoen Elkartea

[Baserri Bizia 52. Esperientziak. Pag. 22-23.]

ASANBLADAN, ELKARLANEAN ETA ESPERIENTZIEN TRUKAKETAN OINARRITUTA, URTE ETA ERDIKO BIDEA EGIN DU IGITIEK. HASIERAKO LAUZPA-BOST LAGUNETATIK 20 PERTSONAKO TALDEA IZATERA PASATU DA. EKOIZTU ETA PRODUKTUA MERKATURATZEAZ GAIN, INGURUAN ERAGITEKO LAN EGITEN DUTE, SEI HILABETERO ELIKADURA BURUJABETZARI BURUZKOK JARDUNALDIAK ANTOLATUZ, ESATE BATERAKO. ELKAR EZATUGU ETA ESPERIENTZIAK TRUKATZEARI BALIO HANDIA EMATEN DIOTE.

Igitie, euskara batuan igitaia, Arratiako Baserritar Agroekologikoen elkartea da. Nekasarearen esperientziatik abiatu ta sortu zen, eskualdean bertan ekoizleak bazirela ohartu ziren eta euren artean lan lokalagoa egiteko beharra sentitu zuten, «azken finean hau Nekasarea txiki bat da, baina Arratiara egokituta».

Hasiera batean lauzpa-bost pertsona biltzen ziren Arteako Ekomuseoan, 2012ko udan. Orain Igorreko Kultur Etxean 20 ekoizle biltzen dira, hilabetean behin. Produktu barietate handia biltzen dute, fruta, fruitu txikiak, ortuariak, txerrikia, ahuntzak, oilaskoak, arrautzak, eztia, pastelak…

Lau lan taldetan banatzen du bere eginbeharra Igitiek: lur-poltsak, eskoletako jantokiak, formazioa eta merkaturatzea. Merkaturatzearen arloan, Igorren plazakoa antolatzen dute zapatuero. «Txandakatu egiten gara.

Ogia, ortuariak, arrautzak eta gozokiak egotea bermatu dugu. Gero noizbehinka Esnetik eta beste batzuk egoten dira». Igorren kontsumo taldea sortua dute eta laister Lemoan ere hasteko esperantza dute. Kontsumo taldera zerbitzeko orduan prioritateak hartu dituzte kontutan, «bazegoen jendea bere taldearekin, beste batzuk hasi berri, besteak hasteko gogoz…

Ikusi zen Igorreko Iker Iurrebaso hasteko gogoaz zegoela eta berari eskeini zitzaion taldea eta berak gestionatzen du».

ELKAR EZAGUTU ETA ESPERIENTZIAK TRUKATU

Igitieren esperientziak euren artean elkar ezagutzeko balio izan duela azpimarratzen dute. «Batzuk Diman zeuden, beste batzuk Igorren, besteak Zeanurin… Igitiek balio izan du geure artean kontaktuak egiteko, azoketara joateko, erosketak egiteko, arazoei aurre egiteko. Eta baita kolektiboki ere borroka batzuk pizteko elikadura burujabetzaren inguruan, edo lurraren inguruan». Auzolan deialdiak ere egin izan dituzte eta lan egiteko moduan «campesino a campesino» eredua azpimarratzen dute: elkartrukea formatzeko orduan eta ezagutzak konpartitzea.

Ezagutzak konpartitze horretan kide bakoitzak bere abiadura eramateak ere laguntzen du, batzuk aspaldi hasi baitziren ekoizten, besteak oraitsuago, eta hastekotan denik ere bada, «denon artean lan egiteak gauzak asko errazten ditu».

Lurren kasuan suertatu dena da partikularrak lurra eskeini diotela Igitieri eta kideek hartu dutela lur hori. Baina Udalekin lana egin, ordenantzak aldatu eta aurrerapausuak eman, baina gero lur horren eskatzailerik ez da egotea ere suertatu da.

Izan ere, momentu honetan Igitien dabiltzan kideek ez dute lur beharrik, nahiz eta maila orokorrago batean lurra eskuragarri egotea guztiz beharrezkoa dela aldarrikatzen duten.

Eskoletako jantokietan produktua eskeintzeko aukera planteatu dute baina herri bakoitzeko eskolak egoera propioa du. Zentzu horretan, Dimako eskola da ondoen egokitzen dena eta Igitiek produktua eramateko eskaintza egin du. Denbora beharko dela azaltzen dute, hala ere, Arratia mailan eskoletako guraso elkarteak komunean lan egiten hasteko pausuak ematen ari baitira.

Ekoizpena maila lokalean saltzen saiatzen dira. Igorreko denda batera produktua eramaten dute eta eskualdean populazio handirik ez dagoenez, eskualdetik kanpoko inguruetako herrietara ere eramaten dute.

Formazioa ere lantzen dute. Orain gutxi erleen ikastaroa egin dute, lehenago mikroorganismo efizienteena egin zuten, eta baita saskigintzakoa.

Formazioa eta kontzientziazioare kin eralzionatuta, sei hilabetero elikadura burujabetzaren inguruko topaketak egiten dituzte, azoka eta herri bazkaria barne.

Ilusioa transmititzen duen taldea da Igitie, ez dela erreza azpimarratuz eta lan asko eginez etekin ekonomiko txikia lortzen dela zehaztuz, «baina guk etekin ekonomikoari barik etekin pertsonalari begiratzen diogu. Ez delako behar bat, bizitzeko era bat baino».

Igitieren dekalogoa

1- Nekazaritza konbentzionalak merkantzia soil bihurtu ditu elika gaiak, eta horrek suntsitu egiten du merkatu lokalaren oinarri kulturala: hartueman zuzena, herrien jakintza eta tradizioak, elikadura burujabetza, a autosufizientzia…
Gaur egun, ezin dugu ziurtatu jaten duguna osasuntsua eta kalitatezkoa denik, ekoizpen ereduek ingurumena errespetatu duten, edo zelako baldintzetan ekoiztu den jagen dugun hori.
Gure gizarte ereduak lurra eta beste baliabide naturalak espekulaziorako erabiltzen ditu, eta ondorioz, Europan adibidez, minuturo baserritar bat galtzen gabiltza.
Igitie Arratiko Baserritar Agroekologikoen elkartea 2012ko udan sortuzen, baserritarrak bildu, indartu eta laguntzeko asmoz.

2- Elikadura burujabetza: elikadura osasuntsua pertsona guztiontzako eskuragarri egotea oinarrizko eskubidea dela uste dugu. Herrien oinarrizko elikadura, bertan ekoiztua eta kudeatua izan behar da.

3- Ekoizleak: jende askok lotzen ditu ekoizpen ekologikoa eta kalitate baxuko ekoizpena. Gure ustez, nekazaritza ekologikoa guztiz kontrakoa da. Kalitate altuko nekazaritzaz ari gara, eta nekazarien profesionaltasun altuago batez.
Horretarako hezkuntza eta formakuntza etengabea beharrezkoa da.

4- Lokala: bertan ekoiztutako produktuak bertan merkaturatzea da gure helburua. 0-Km: garraioaren inpaktua txikituz, aztarna ekologikoa murriztuz, harreman zuzenak indartuz.
Azokak, salmenta zuzena eta kontsumo taldeak izango dira gure oinarri. Bertako hazien sarea beharrezkoa dela uste dugu.

5- Agroekologia: nekazari agroekologikoak gara. Produktu ekologikoak ekoizteko konpromisoa hartzen dugu, gero eta era naturalago batean ekoizteko.

6- Talde izaera: kolektiboan sinisten dugu; auzolana eta talde-erosketak bide orrian ditugu. Lurren eskuragarritasuna eta talde-kudeaketa beharrezkoa da.

7- Aldaketa soziala: eragile eraldatzailetaz daukagu geure burua eta sektorearen duintasuna eta jendartearekiko elkartasuna bultzatzen dugu.

8- Euskalduntasuna: gure lurrak, gure ingurua zein gure ingurukoak zaintzeko eta babesteko asmoa dugulako hartzen dugu euskalduntasunetik beste herriekiko elkarlanerako konpromisoa. Euskara gure ekologiaren parte delako bizi dutu eta biziko dugu.

9- Asanblada, errespetua eta parte hartzea: Igitiko asanbalda orokorra hilean behin batzen da, ezhoiko deialdirik egon ezean. Gure ateak eta eskuak zabalik daude.

10- Globaliza dezagun borroka! Globaliza dezagun itxaropena!

[Baserri Bizia ale guztiak ikusteko, hemen]