Etxaldek bat egin du larunbat honetan Donostian Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko egingo den mobilizazioarekin. Su-etenaren hautsita Israelen erasoek 400 pertsona baino gehiago hil dituztenez, Gernika Palestinak «ezinbestekotzat» jotzen du euskal gizartearen erantzuna.

[
naiz:]
Bi hilabeteko su-etenaren ondoren Israelek hautsi eta berriz eraso egin die palestinarrei, Gaza bonbardatuta, 400 hildako baino gehiago eraginez. Horren aurrean, Gernika-Palestina ekimenak mobilizazio nazionala deitu du larunbaterako, hilak 22, Donostian.
Ohar batean adierazi duenez, «itxaropenez» bizi izan dituzte su-etena iraun duen azken bi hilabeteak. Hala ere, Israelek «Trumpen babesarekin eta nazioarteko komunitatearen isiltasunarekin» su-etenari jarraipenik eman ez diola deitoratu du. «Beste behin ere, genozidioaren aldeko hautua egin du palestinar herria krudelkeriaz bonbardatuz eta umeak jopuntuan jarriz», gaineratu du herri ekimenak.
Horren aurrean, «euskal gizartearen erantzuna ezinbestekotzat» jotzen du eta larunbatean ‘Genozidioa stop! Israel, ¡alto el fuego ya!’ lelopean kalera ateratzeko deia egin du. Duela urtebete juxtu Gazaren aurkako genozidioaren kontrako mobilizazio deigarri eta erraldoia egin zuen Donostian, genozidioaren biktimak irudikatuz.
Bulebarretik Saguesera
Larunbateko mobilizazioa Boulebarretik abiatuko da, 17.30ean, eta Sagueseraino joango da. Funtsean, nazioarteko komunitateari eskatzen dio «dituen baliabide guztiekin Israel behartu dezala nazioarteko erabakiak behingoz betetzeko eta su-etenaren bideari itzultzeko Palestinako herriaren eskubideak bermatze aldera, hau da, Palestinak justizia, lurra eta bakea izan ditzan».
Eragile sozial, politiko eta sindikalei mobilizazioarekin bat egiteko dei egin die Gernika-Palestinak. Etxalde mugimenduak dagoeneko iragarri du ekimena babesten duela. Horren berri emateko eta manifestazioaren nondik norakoak ezagutarazteko prentsaurrekoa egingo dute ostegunean, martxoaren 20an, Saguesen bertan.