Merkataritza libreko akordioa: kalitate txarreko zabor janari ateak zabalik

AEBk eta EBk hilabeteak daramatzate merkataritza librerako eta inbertsioetarako akordioa negoziatzen (ingelesezko sigletan TTIP). Negoziaziook ixilpean ari dira burutzen, gizarte zibileko erakundeen ezelango parte hartze barik eta negoziatzen ari diren gaiei buruzko informazio barik. Hori bai, multinazional handiak lehen momentutik ari dira parte hartzen.
TTIPa ez da arantzelen kontuetara mugatzen, era honetako negoziazioetan gertatu izan ohi denaren antzera. Kasu honetan orain arte indarrean diren hainbat araudi deusezteko negoziazioetan dabiltza: maila sozialean, ingurumenean, osasunean eta lan arloan. Zerbitzu publikoen pribatizazioa ere aztertzen ari dira. Atlantikoaren bi aldeetan pertsonen eskubideen mugarri diren gaiak daude jokoan.
Antibiotikoak, hormonak, transgenikoak…
Negozioazio mahai gainean dagoen gaietako bat higiene eta osasun arloari dagokiona da. Honen inguruko araudia funtsezkoa da nekazaritza eredua, elikadura eta elikagaien osasunari buruz ari bagara. Zentzu horretan, Europan egun indarrean dagoen araudia aldatzeko aukera legoke eta posible izango litzateke hormonen eta antibiotikoen sarrea baimentzea, RBST bidez ekozitutako esnea, kloratutako okela, transgenikoak… Prekauzio-printzipioa ere kolokan legoke. Jatorri Izendapenak ere egoera larrian geratuko lirateke, euren oinarri diren araudi publikoa bertan behera geratzeko aukera legokeelako.
Finean, nekazaritza eta elikadura ereduaren aldaketa larria suposatuko luke aipatu akordioak aurrera egiteak. Zabor-janari ateak zabaltzea suposatuko luke, inongo bermerik gabeko jatekoa eta nekazaritza eredu industrialaren aldeko apustua suposatuko luke. Europak prekauzio-printzipioa aplikatzeari utziko lioke, hau ere negoziazio mahaian dagoen gaietako bat baita. Horren ordez, AEBko arrisku printzipioa indartuko litzateke: edozein produktu merkatutik erretiratu ahal izateko osasunerako kaltegarria dela erakutsi beharra dago.
Elikadura burujabetza indartu infraestruktura propioekin
EHNE-Bizkaia, La Via Campesinarekin batera, era honetako negoziazioen aurka dago, elikadura oinarrizko eskubidea baita eta ez negoziorako gai bat. Elikagai osasuntsuak ekoiztu eta kontsumitzeko eskubideak era honetako negozioazioetatik kanpo geratu behar luke. Agroindustriaren ekoizpen eredua baztertu egin behar da, lan baldintza txarretan oinarritzen delako, ingurumenarentzako kaltegarria delako eta kalitate txarreko elikagaiak ekoizten dituelako. Horren ordez nekazaritza baserritarra indartu behar da, ingurumena zaintzen duena eta inguruan kontsumitzeko kalitatezko elikagaiak ekoizten dituena.
Hori dela eta, EHNE-Bizkaiak politika publikoen beharra aldarrikatzen du, bertako nekazaritza eta abeltzaintza indartuko dituen tresnak indartu ditzaten. Ulertezina da, esate baterako, Bizkaian hiltegi bakar bat ere ez egotea. Zentzu horretan, instituzioek euren ardura onartu behar dute eta era honetako infraestrukturak eraiki behar dituzte. Elikagaiak bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzea ahalbideratuko duten politikak martxan jartzea egin daiteken inbertsio onena da. Beharrezkoa da, beraz, elikagaien transformaziorako estrukturak indartzea, lurra zaindu eta baserrian aritu nahi duten gazteen esku uztea, bertako produktuen kontsumoa bultzatzearekin batera.
Konzentrazioa Abadiñoko McDonald´s aurrean
EHNE-Bizkaiak konzentrazioa egingo du gaur Abadiñoko McDonald´s parean, 19.00tatik aurrera, dendaren inaugurazioa salatzeko eta gogoratzeko multinazional hau nekazaritza industrialaren eta kalitate txarreko elikaduraren ordezkari nagusienetakoa dela. Abadiñoko Udala gure inguruan nozitzen ditugun egoera askoren eredu tristea dugu: orain dela urte batzuk Erralde hiltegiaren aldeko apustua egiten zuen bitartean, orain alkatea berak zuzenean kudeatu du McDonald´s eta Burger King herrira ekarri ahal izatearen “arrakasta”.
Informazio gehiago: 636451569 – 672233808
Abadiño, 2014ko ekainak 27

IKUSI/DESKARGATU prentsa oharra. HEMEN