Muniozguren anaiak

pd18_markina1[Gaur8 | ANE URKIRI ANSOLA | 2015/08/15]
Muniozguren anaiek kaleko bizimodutik baserrirako bidea egin zuten duela bost urte. Lana utzi eta proiektu berri batean murgiltzea otu zitzaien. Betidanik buruan bueltaka ibili duten hori martxan jarri zuten. Ahuntz esnearekin gazta ekoizten hasi ziren Urregarai mendiaren (Santa Eufemia) hegalean. Larruz deitura jarri diete beren produktuei.
  • «Ahuntz esnearekin egindako gazta etorkizuneko elikagaia izango dela diote adituek, osasuntsuagoa da eta gizakiok hobeto onartzen ditugun proteinak ditu»
  • «Betidanik bueltak eman eta eman aritu izan gara, baina oso gaitza ikusten genuen. Inbertsio asko eskatzen duen proiektua da eta arrakasta ez dago ziurtatuta»

Ez da batere ohikoa bizi guztia kalean egin duten bi pertsona baserriko lan gogorrak harrapatzea. Baina betidanik gustatu izan zaien zerbait dela diote Iban eta Gorka Muniozguren anaiek. Horren adibide Gorkak orain hamar urte Arantzazun buruturiko artzain ikastaroa. Ordutik hainbat ikastarotan parte hartu dute bi markinar hauek, eta oraindik ikasten jarraitzen dute. Bazekiten noizbait beraien bizimodua izango zela. «Betidanik bueltak eman eta eman aritu izan gara, baina oso gaitza ikusten genuen. Inbertsio asko eskatzen du, eta gero ez dakizu ondo irtengo den edo ez», dio Gorkak.

«Gainera, gurekin batera hasi zen krisiaren unerik gogorrena», gehitu du barrezka bere anaia Ibanek. Baina nahiko baikor ekin zioten ahuntz gazta ekoizteko bideari, inguruko guztiek zoratuta zeudela esan arren. Beren lan finkoa utzi eta proiektu berrian bete-betean murgildu ziren. «Gaizki irtenez gero, zer?» galdetzean, azkar batean erantzun dute. «Beste zeozer egingo genukeen», dio Ibanek. Eta Gorkak, ostera, «bestela, lehengo lanera itzuli».

Gaztaren prozesuan buru-belarri dabil Iban. Baserrian ez dago deskantsurako tarterik. Gorkak, minutu batzuk lehenago, ahuntz guztiak –antxumeak izan ezik– zelaira atera ditu. Bata gaztandegiko prozesu guztiarekin arduratzen da, eta, bestea, animalien ongizatearekin. «Ikusten genuen biok leku berean egonda beste lan batean inor ez zegoela, eta horrek ez zuen ez hanka eta ez buru», azaldu du Gorkak. Elkarren artean ika-mika handirik ez dela sortzen adierazi du Gorkak: «Horregatik da bera hemengo [gaztandegiko] zuzendari, eta ni animaliena». Dena den, beharra dagoenean, batak besteari laguntzen dio.

Ahuntz esnean espezializatu badira ere, dituen berezitasunengatik gehienbat, hasierako urteetan denetarik egiten zuten. «Iaz, adibidez, ahuntz eta ardi gazta ondua, bien arteko nahasketarekin egindakoa, gazta freskoa, ahuntzaren erruloa, ardi esnea botiletan…», kontatu du Gorkak. Beraien helburua produktuen dibertsifikazioa da, «baina ezinezkoa da bi pertsonarekin horretara guztira heltzea», onartu du Ibanek.

Artikulu osoa GARAn: IKUSI HEMEN

—-
Argazkiak: GARA/Gaur8